Euskadik beirazko ontzien gaikako bilketa % 6,6 handitu du 2021ean, Estatuko batezbestekoaren gainetik
• Beirazko ontzien gaikako bilketa 62.326 tonakoa izan zen Euskadin: horrek esan nahi du euskal herritar bakoitzak 96 ontzi utzi zituela edukiontzi berdean (28 kg inguru pertsona bakoitzeko).
• Probintzien arabera, Gipuzkoa da bai Estatuan bai Euskadin gehien birziklatzen duena (35 kg/bizt.); ondoren, Araba (25,7 kg/bizt.) eta Bizkaia (24,5 kg/bizt.) datoz.
• Donostia da Estatu osoan biztanle bakoitzeko beirazko ontzi gehien birziklatzen dituen probintzia-hiriburua: 36,2 kg/bizt. (124 ontzi inguru).
• Euskadin berreskuratu ziren beirazko ontzien hondakinekin, urtebetez 17.000 auto zirkulaziotik kentzearen baliokidea izango litzatekeen CO2 isuria saihestu zen iaz.
Bilbon, 2022ko otsailaren 28an.- Ecovidriok –beirazko ontzien hondakinak Espainian birziklatzeko ardura duen irabazi-asmorik gabeko erakundeak– 2021eko gaikako bilketaren datuak argitaratu ditu. Iaz jarduera ekonomikoa normaltasunez berreskuratu ez zen arren eta HORECA kanalean batez ere hondakinen sorrerari eragin zioten murrizketek jarraitu zuten arren, edukiontzi berdearen bidez egindako beirazko ontzien gaikako bilketa berreskuratutako 62.326 tona beirazko ontzira iritsi zen Euskadin; hau da, % 6,6 hazi zen aurreko urtearekiko. Horrela, pandemia aurreko mailetan (2019) kokatu da.
Zifra oso positiboak dira euskaldunen konpromisoa erakusten duen ziurgabetasun-testuinguru batean, eta edukiontzi berdearen bidez birziklatzeko ohitura finkatua dagoela erakusten dute. Beraz, Euskadi da Estatuko bigarren eskualde birziklatzaileena (biztanle bakoitzeko 28,2 kg beirazko ontzirekin), Balearren atzetik soilik (35 kg/bizt.) eta 9,5 puntu Estatuko batezbestekoaren gainetik (18,7 kg/bizt.).
Probintzien arabera, Gipuzkoa da bai Estatuan bai Erkidegoan gehien birziklatzen duena (35 kg/bizt.); ondoren, Araba (25,7 kg/bizt.) eta Bizkaia (24,5 kg/bizt.) datoz.
Probintzia-hiriburuen kasuan, Donostiak Estatu osoko rankingaren buruan jarraitzen du: probintzia-hiriburu birziklatzaileena da (36,2 kilo biztanleko); ondoren, Iruñea (27,3 kg/bizt.), Bilbo (24,2 kg/bizt.), Girona (22,9 kg/bizt.) eta Gasteiz (22,8 kg/bizt.) datoz.
Herritarrek igluetan jarritako beira guztiaz gain –Ecovidriorentzako lehentasunezko jarduera, efizientziagatik eta jasangarritasunagatik–, 538 tona beira berreskuratu ziren modu osagarrian hiri-hondakinak tratatzeko instalazioetan. Hau da, jatorrian behar bezala bereizi ez diren eta zaborrean bukatu duten ontziak. Horrela, materialaren zati bat berreskuratu ahal izan da, eta ekoizpen-ziklora itzuli ontzi berriak fabrikatzeko.
Birziklatzeko azpiegituren kapilaritatea funtsezkoa da herritarren lankidetza errazteko beirazko ontzien bereizketan. Euskadik 11.822 edukiontzi berde ditu. Herritarrek 584.000 beirazko ontzi baino gehiago jarri dituzte igluetan 2021ean: 400 ontzi baino gehiago minutuko.
HORECA jasangarria, susperraldi berderako gakoa
Ostalaritzak merkatuan jartzen diren beirazko ontzien hondakinen erdia baino gehiago sortzen du. Horregatik, sektore horretarako berariaz diseinatutako mobilizazio-lana, informazioa eta plan operatibo intentsiboak Ecovidrioren lehentasun estrategikoetako bat eta ezagutza-arlo nagusietako bat dira.
Ecovidriok iaz Euskadiko 5.800 ostalaritza-establezimendu baino gehiago bisitatu zituen, eta 57 kanpaina intentsibo jarri zituen sektore horretan martxan, gehienak udalen eskutik, birziklatzea nahitaezkoa dela ezartzen duten udal-ordenantzei buruz informatzeko eta prestatzeko. Gainera, erakundeak jarraitu zuen ostalariei azpiegiturarik onena doan ematen beirazko ontziak behar bezala bereizi eta birziklatzeko, 300 kubo berezi baino gehiago eman baitziren eta HORECA sektorera egokitutako edukiontziak instalatu baitziren.
Beirazko ontzien hondakinak birziklatzearen ingurumen-onurak Euskadin
Beirazko ontziak birziklatzea funtsezko elementua da klima-aldaketaren aurkako borrokan eta gure ekonomiaren deskarbonizazioan. Era berean, ezinbestekoa da garapen-eredu zirkularrago eta 2030 Agendan sustraituago baterako trantsizioan. Zehazki, joan den urtean, beiraren birziklatzeari esker, hauek lortu dira:
- 36.460 t CO2 isurtzea saihestea: urtebetez zirkulaziotik 17.000 auto baino gehiago kentzearen kantitate baliokidea.
- 75.435 t lehengai erauztea saihestea (harea, soda eta kareharria): San Mames futbol-estadioaren bolumena halako zazpi.
- 44.900 MWh energia aurreztea: Euskadiko ospitaleek bi hilabete eta erdian kontsumitzen duten energia-kontsumoaren baliokidea.